Euskararen Nazioarteko Eguna
Abenduaren 3a dugu Euskararen Nazioarteko Eguna, eta Nafarroako Frantses Xabierrekoaren egun bera da, hain zuzen ere. Euskal PEN taldearen eguna ere bada. Zergatik ospatzen dira hirurak egun berean?
Frantses Xabierrekoa, nafar misiolaria zen, eta Txinako Shangchuan uhartean zendu zen abenduaren 3an, XVI. mendean. Leiendak dioenez, azken otoitza euskaraz egin zuen, ama hizkuntzan alegia.
Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko lehenengo deialdia 1949an egin zuten Eusko Ikaskuntzak eta Eskualtzeen Biltzarrak. Honela esaten zuten deialdirako agirian: “Eginen da ez bakarrik Eskual herriko hiri, herri ta herrixketan, baina ere, Eskual herritik kanpo, hurbil edo urrun, eskualdun multxoak aurkitzen diren bazter guztietan”.
Ekimen hori bultzatu zutenek, eta leku berean, hau da, Sota familiak Miarritzen zuen Etchepherdia etxean, erabaki zuten idazle gisa nazioartean murgildu behar zirela eta, horretarako, PEN International idazleen nazioarteko elkartearen barruan, euskal atala sortu behar zutela. Esan eta egin. Hurrengo urtean, hau da, 1950eko abuztuan, PEN International-ek Edinburgon (Eskozia) egin zuen urteroko kongresuan, Euskal PEN taldearen kidetza onartu zen aho batez, eta taldeak PEN Euskal Bilkura izena hartu zuen. Lehenengo bilera Parisen egin zuten 1950ean eta bertan erabaki elkartearen data ofiziala abenduaren 3a izango zela.
Idazle haiek argi zuten mundura hedatzearen beharra, eta honela azaldu zuten Euzko Gogoa aldizkarian hurrengo urtean idatzitako artikulu batean. Honela zioten:
“Euskal idazleak, aspaldi hontan, atzerriko idazle batzarretatik aldentuta bizi giñan. Gure artean sortu idazleen berri, Euzkadi’ko mugartean kokatu oi zan, oskol-zailaren barnean eltzaur-mami guria bezelatsu”.
Gaur egun, egia da, urrun gaude 1950 hartatik, 74 urte joan dira eta. Eta, hala ere, Euskal PEN taldea indatsu dabil oraindik ere munduan zehar, urtero-urtero nazioarteko bizpahiru bilduratan hartzen du parte, EUSKARA LAU HAIZETARA HEDATUZ, gure aurrekoek zuten asmo bera mantentzen dugulako: uste dugu euskarak munduratu beharra duela eta, horrela izan dadin, lan egiten segitu behar dugu.