top of page

85th PEN International Congress

2019ko irailaren 30-urriaren 4a

Manila – Filipinak

 

Kongresuaren kronika

          Bigarrenez segidan Asian izan da kongresua, iaz Indian egin baitzen. Filipinetako PEN taldeak lan txukuna egin du eta De La Salle University-an izan dira bilerak. Speaking in Tongues. Literary Freedom and Indigenous Languagesgai nagusia izanda, hizkuntza gutxituek protagonismoa izan dute, NBEk ere indigena hizkuntzen urtea izendatu du 2019. Euskal PEN Chiapas-en ere egon zen TLRC hizkuntza eskubideen bileran (Garabide Elkartea ere etorri zen Euskal Herritik), eta mayen taldea bultzatzeko ekimenean aritu da. Manilan ere tsotsil idazle bat etorri da, PEN Maya sortzeko egitasmoan sakontzeko. Asiako talde ugari izan dira kongresuan, eta pozgarria da Afrikan ere talde asko oso txukun ari direla ikustea.

Europako talde gutxixeago izan dira. Euskal PENetik ordezkari bi izan gara, ahal beste batzordetan, eta Basque Writingaldizkariaren azken alea eraman dugu, hizkuntza txiki baten idazteaz Harkaitz Canok, Itxaro Bordak, Laura Mintegik, Kirmen Uribek, Mariasun Landak, Bernardo Atxagak eta Karmele Jaiok egindako hausnarketekin.

          TLRC, WfPC(bakearen aldeko idazleak) eta WiPC (jazarritako idazleen batzordea) bileretan landutako 9 ebazpen onartu dira Manilan: migrazio eta idazle desplazatuak, Asia eta Filipinetako egoera demokratikoa, gutxiengoen egoera, Bielorrusia, Krimea, Julian Assange eta AEB, eta Iran, besteak beste. Bederatzigarrena PENeko presidente eta presidenteordeek landu dute; irudimenari buruzko manifestu original eta interesgarria izan da, eta berehala euskaratu eta gure webgunean jarri dugu. 

            Talde berri bat sartu da aurten: PEN Malaysia. Dena ez da positiboa izan, ordea, Mexikoko zentroan ustelkeria kasuak izan dira eta taldearen suspentsioa bozkatu da, egoera onera etorri artean. Kataluniako taldearen egoerarekin ere kezkatuta gaude. Oso hurbilekoa izan dugu historikoki, eta zuzendaritza berriak ustelkeria kasu larria salatu du aurreko presidentearen aurka. Hedabideetan hemeneta hemenduzue datu gehiago.

Hauteskundeei dagokienez, Kätlin Kaldmaa estoniarra beste hiru urtez izango da idazkari nagusi, Simona Skrabec TLRCko egungo buruaren aurretik gelditu baita. Datorren urtean beteko du Skrabec-ek sei urteko agintea TLRCn eta buru berria hautatu beharko da. WfPCen Emmanuel Pierrat paristar abokatua da batzordeburu berria. 

            PEN buru-belarri ari da 2021eko mendeurrena prestatzen. Oxforden izango da, kongresu handia espero da eta talde guztien ondarea biltzen ari dira. Aurretik 2020 dago, ordea, eta hor ere badira aldaketak: Hizkuntza Eskubideen batzordeak eta emakume idazleenak elkarrekin egingo dute bilera Myanmaren maiatzean. WfPCen egondako aldaketaren ostean, urtean bilera bi egiteko asmoa dute: Esloveniako Bleden urtero bezala, eta frankofoniako beste lekuren baten; lehena Parisen izango da. 2020Ko kongresua berriz, Suediako Uppsalan izango da irailean. 

Zuzendaritza batzordean sartu dira Danson Kahyana (Uganda), Regula Venske (Alemania) eta Thida MA (Myanmar) eta David Francis (Amerikako Estatu Batuak) sartu dira. Ohorezko bost lehendakariorde ere izendatu dira: Orhan Pamuk eta Svetlana Aleksievitx Literatura Nobel Saridunak, Elena Poniatowska mexikarra, Luisa Valenzuela argentinarra eta Frankie Sionil filipinarra.

          PENeko saio bakoitza Aulki Hutsbatekin hasten da, errepresioa jasaten duten idazleak gogoan, aurten Uganda, Mexiko, Ukraina, Kurdistan, Turkia eta Sri Lankako kideen argazkiak izan dira eta gogoan izan da Jamal Khaxoggi kazetari saudiarra ere, haren hilketaren lehen urteurrenean. Hainbat mahainguru eta poesia irakurraldi egin dira eta unibertsitateera bisitak ere antolatu dira; ikasleek jakinmin handia izaten dute munduko beste puntako sortzaileei galdetzeko. Aurtengo bi gonbidatu berezi, NBEko Fernand de Varennes eta Rodrigo Duterte presidenteak birritan espetxeratu duen Maria Ressa kazetari ausarta izan dira. 

          Ressak eskerrak eman dizkie PEN Internationali eta PEN talde bakoitzari, espetxeratu zutenean emandako babesagatik. Lehen ere entzun izan duguna berriz entzuteak lanerako animoa ematen digu: espetxean idazleek etengabe jasotzen dituzte mundu osoko PENkideen babes-gutunak, eta eragin itzela izaten du mundu osoko elkartasun horrek. Oso harro egotea da PENkide guztiok, Euskal PENeko kide bakoitzak bere xumean parte hartuz ere, elkartasun horretarako ezinbesteko katebegi izatea.

bottom of page