top of page

PEN International-eko 

85. kongresua Manilan

2019ko irailaren 30etik urriaren 4ra

     PEN Internationalek, munduko idazle elkarte handienak, urteroko kongresua eudki du irailaren 30etik urriaren 4ra bitartean Manilan. Euskal Herriko PEN taldea ere bertan izan da, gure literatura eta kultura sustatzen eta euskararen esperientzia Filipinetaraino eramaten, 200 idazle eta kazetari baino gehiago bildu dituen bilkuran.

 

     Urte berezia da Euskal PENentzat, hamabost urte bete dituelako hirugarrenez sortu zenetik, eta geroz eta presentzia handiagoa eta harreman estuagoak dituelako nazioarteko taldeekin. Manilako kongresuaren izenburua “Speaking in Tongues: Literary Freedom & Indigenous Languages” da (Hizkuntzetan idatzi: literatur askatasuna eta hizkuntza indigenak), eta euskarak geroz eta presentzia handiagoa daukan errealitate batekin egiten du topo, hau da, hizkuntza handietatik kanpo dihardugun milaka idazle eta kazetariren lana. Aintzat hartu behar da 2019 Hizkuntza Indigenen Urtea izendatu dutela Nazio Batuek, eta PENek hainbat urte daramatza mundu osoko hizkuntza-aniztasuna sustatzen eta hizkuntza horietako literatur eta kultur sormena bultzatzen.

 

     Horren adierazle, aurten Chiapasen egin den Hizkuntza Eskubideen eta Itzulpegintza batzordearen bilera. Euskal PENekin batera Garabide Elkarteko lagunak egon ziren, eta bilera hartan landutakoak eztabaidatuko ditu Manilako kongresuko asanbleak. Rotterdamen egin den Idazle Jazarrien bileran ere parte hartu dugu, munduan adierazpen askatasunak sufritzen dituen urraketak aztertzen eta salatzen.

 

     Mundu osoko idazleekin harremanak sendotzeaz gain, gure kulturaren ordezkari ere joan gara. Aurtengo gaiarekin harreman zuzena daukan Basque Writing argitalpena eraman dugu. Hizkuntza txiki baten idazteari buruzko hausnarketak bildu ditugu, nork bere ikuspegitik, euskaraz idazteari buruzko euren hausnarketa azaldu diote munduari Itxaro Bordak, Kirmen Uribek, Laura Mintegik, Bernardo Atxagak, Harkaitz Canok, Mariasun Landak eta Karmele Jaiok.

 

     Urtea amaitu aurretik beste argitalpen bat ere izango dugu, euskararen esperientzia mundu osoko taldeekin partekatzeko. Garabide Elkartean eta beste hainbat lagunek gure historia hurbiletik egindako hausnarketak munduko hizkuntza eta herri askotako idazleen lagungarri izango dira, zalantzarik gabe.

 

    Izan ere, PENeko presidente ohi batek esan zuenez, hizkuntza galtzea adierazpen askatasunaren urraketa larriena da, hizkuntzarik gabe ez baitaukazu adierazpenerako beharrezko elementu hori, zure hitza. Gure hitzarekin joan gara beraz Asiaraino, munduko idazleen topaketara.

 

    PEN Internationalek 140 talde inguru ditu mundu osoan, eta dozenaka mila idazle eta kazetari biltzen ditu. 1921ean Londresen sortutako elkartea da; mendeurrenera hurbiltzen goaz, beraz. Duela ehun urteko testuinguru berezian sortu zen, I. Mundu Gerra amaitu berritan eta hilkintza haren traumak eraginda, iritziak iritzi eta usteak uste hitza defendatu beharraz ohartuta. Euskal Herrian lehen taldea 1950ean sortu zen, Parisko erbestean, Andima Ibiñagabeitia, Jokin Zaitegi, Jon Mirande, Txomin Peillen eta beste zenbait lagunekin, Txomin ohorezko lehendakari dugu egun ere. Baina erbesteko baldintzetan, ez zuen askorik iraun. 1987an egindako bigarren ahalegina ere ez zen urrun iritsi. 2004an Kataluniako lagunek bultzatuta abiarazitako bide honek hamarkada eta erdi egin du. PEN Unescoko talde aholkulari da, baita Suediako Akademiaren Literatura Nobel sarietan ere. Eta lan guztietan garrantzitsuena ziur aski, arriskuan diren idazleei emandako babesa da. Euskal kazetari eta idazleek jaso zutena, gerraosteko eta diktadurako urte beltzetan eta berrikiago gure hizkuntzari egindako erasoetan, eta munduko beste hainbat idazleri ere eman diegu elkartasuna bost kontinenteetan.

 Manilan izan da eta hizkuntza indigenetako literatura izan du hizpide

Zazpi euskal idazleren testuekin egindako argitalpena eraman du Filipinetara

bottom of page