top of page

Azken Albisteak

Itxaro Bordak parte hartu du Quebec-eko Trois Rivières Poesia Festibalean, 2022ko irailaren 29tik urriaren 6ra

   Bederatzi egunez Quebec-eko Trois Rivières munduko poesiagintzaren hiriburu bilakatu da. Itxaro Bordak parte hartu du Quebeceko eta Euskal Herri PEN erakunderen eskutik, Etxepare Institutuaren parte hartzearekin. Gaston Bellemare eta Maryse Baribeau bi zuzendariek antolatutako ekitaldian, mundu zabaleko poetak bildu ziren. Festibalaren helburu nagusia, 38. aldikoz, poesia gizarteratzea da, jendeak juntatzen diren lekuetara eramatea, ostatuak, jatetxeak, mediatekak, karrikak eta plazak halatan eszena-toki ezinbesteko bilakatzen direla. 

88th PEN International kongresua egin da Uppsala-n (Suedia) 2022ko irailaren 27tik urriaren 1era

   Hirurehun delegatu, partaide eta gonbidatu bildu dira Uppsalan, 2019tik aurrez aurre egin den lehenengo kongresuan, PEN International-ek 101 urte bete dituen urtean. Gonbidatu berezien artean Siri Hustvedt idazlea, Dareen Tatour palestinar poeta eta, Ukrainako PEN taldean, Andrey Kurkov idazlea egon dira.  

 Regula Venske alemana izango da idazkari nagusi datozen hiru urteetan, Katlin Kaldmaa estoniarrak bigarren agintaldia amaituta. Uppsalan izan dira Laura Mintegi lehendakaria eta Urtzi Urrutikoetxea, TLRCeko nazioarteko buru gisa.

Salman Rushdie idazle indiarrak eraso larria jasan du abuztuaren 12an New Yorkeko estatuan

Salman Rushdie idazleari eraso egin zioten Chautauquan, New Yorkeko mendebaldean (AEB). Idazleak 75 urte ditu, eta heriotza mehatxupean bizi izan da azken 33 urteetan, Irango buruzagi goren Ruhollah Khomeini aiatolak mehatxatu zuenetik. Erreakzioak ugariak izan dira. Hona hemen Burhan Sonmez PEN International-eko presidenteak idatzitakoa, eta Euskal PENeko zuzendaritzakoa den Urtzi Urrutikoetxeak idatzitakoa. 2004an Rushdie-k Bartzelonan eskatu zuen  Martxelo Otamendiri egindako torturak ikertzeko.

88th PEN International kongresua Uppsala-n (Suedia) egingo da 2022ko irailaren 27tik urriaren 1era

86. eta 87. kongresuak Uppsala-n (Suedia) eta Oxford-en (Erresuma Batua) egin ordez, online egin ziren, osasun egoerak behartuta. 2021eko kongresua, gainera, PEN International-aren mendeurreneko kongresua izan da, 1921ean sortu baitzen Londresen. 

88. kongresua Uppsalan egingo da "The power of words - futures challenges for freedom of expression" lemapean, eta bertara joango da Laura Mintegi lehendakaria. Bestalde, Urtzi Urrutikoetxea ere Uppsalan izango da, TLRCeko nazioarteko buru gisa.

Urrezko Luma jaso du Laura Mintegik, Euskal PENeko lehendakariak

Euskadiko Editoreen Ganbarak erabakita, Urrezko Luma Laura Mintegiri eman diote 2022ko edizioan, Areatzan bildu den Bilboko Liburu Azokan.  Euskadiko Liburu Azoken koordinatzaile Asier Muniategik eta Bizkaiko Kultura eta Euskara diputatu Lorea Bilbaok Luma eman zioten idazleari"euskararen eta euskal kulturaren ekintzailearen" lana aitortzeko.

2021 edizioan Ramon Saizarbitoria idazleak jaso zuen Urrezko Luma.

WFPC Bled-en (Eslovenia) bildu da 2022ko maiatzaren 10etik 14ra

Urteroko ohiturari jarraituz, Bakearen Aldeko Idazleen Batzordearen bilera Esloveniako Bled aintziran elkartu zen, maiatzaren 10tik 14ra, eta Laura Mintegi izan zen bertan.

 

Aurtengo bileran berritu behar zen batzordearen lehendakaria eta bi hautagai aurkeztu ziren. Hauteskunde-prozesuan irregulartasunak egon zirela erabakita, PEN Internationaleko Zuzendaritza Batzordeak erabaki zuen izendapena hurrengo kongresuan ebatziko dela.

bottom of page